TOLOSAKO "ANDRE MARIA" MUSIKA KAPERA:

Agurra, aurkezpena eta ohoreak/esker onak.

Musika Kapera honen egoitza

"ANDRE MARIA" PARROKIAKO AURREKALDEKO ERDIKO KANPAI-HORMA LIRAINAK BADU BERE IFRENTZUA.

Tolosako "Santa Maria" elizako portadako kanpai-horma nagusia. Kanpai handiak bezperako sua piztutzerakoan eta San Joan Bataiatzailearen eguneko prozesioan (herri honetako zaindaria) jotzen dira. (Bideo sortzailea: Iñigo Alonso, Korima films. Kanpaijolea: Jose Miguel Garikano).

AURKEZPENA

"ANDRE MARIA" MUSIKA KAPERA

Tolosak altxor handi bat du XVI. mendeaz geroztik: Santa Mariako Musika Kapera, Tolosako hiribilduko kultura-erakunde antzinakoena.

Taldeak ezaugarri bereziak ditu. Alde batetik, Historian zehar iraun du; izan ere, 1540. urteko agirietan jada egiaztaturik dago Santa Mariak bazuela bere kapera. Osaera ere berezia du: organoa, harizko eta haizezko musika-tresnez osatutako orkestra eta ahots mistoen abesbatza; azken berezitasun hori kapera gutxik dute gaur egun. Azkenik, izen handiko Kaperako maisuak izan ditu, eta, aldi berean, bere musika-artxiboa aberastu duten konpositoreak.

Kaperaren historian funtsezkoa izan zen Hiribilduko Patronatuak parrokian izan zuen eragina. Hain zuzen, XIX. mendean, kaperako lan-baldintzak ezin hobeak ziren, eta, horri esker, Espainia osoko musikarientzat oso jomuga erakargarria bihurtu zen, jasotako eskabide ugariek argi erakusten dutenez. Oposaketak egiten ziren Kaperan sartzeko, eta horien deialdiak euskal diputazioen aldizkari ofizialetan eta Madrilgo Gaceta egunkarian argitaratzen ziren.

Kaperaren historian pertsona garrantzitsuenetakoa Felipe Gorriti izan zen; musikagilea 1867an iritsi zen Tolosara, Candido Aguayo ordezkatzera. Hark eskatuta erosi zuen parrokiak Stolz Fréres organoa Parisen, eta hark konposatu zituen egun kaperaren ondare diren 225 obra: mezak, Te Deumak, miserereak, gabon-kantak, moteteak –horien artean, Agur Jesusen Ama entzutetsua– eta organorako piezak. Azken horiekin nazioarteko bi sari irabazi zituen Parisen.

Gorritik berak sortu zuen Tolosako Musika Eskola. Urteen joanean, entzute handiko konpositore eta musikagile izan dira eskola horretako kide; besteak beste, Eduardo Mokoroa, Ignacio Mokoroa, Gregorio Damborenea, Juan Azaldegi, Javier Bello Portu, Salustiano Balza eta Maite Iriarte. Horien guztien ikasle eta dizipulu izan dira kaperako azken maisuaren, Eduardo Mocoroa, zuzendaritza eta organiztia lekukoa eskuz esku elkarri pasa diotenak: Ignacio Mocoroa, Fernando Aizpurua, José Antonio Arzelus, Luis Mari García Artetxe, Miguel Zeberio, Inma Eguizabal, Ander Letamendia, Loreto Fdez. Imaz, José Luis Egiburu y José Antonio Pascual.

Gaur egun, Luis Orduña Ridruejo da Kaperako zuzendaria. Organistak, berriz, hauek dira: Myriam Ulanga Elorz eta Joakin Artetxe.

Santa Mariako ekitaldi liturgikoak laguntzeaz gain, Musika Kapera honek egiten duen jardueraren adierazle dira azken urteotan Zarautz, Getaria, Tafalla, Azkoitia, Burgos, Madril, Arantzazu,San Juan de luz, Irun, Bergara, Zumarraga, Roma, Bidania, Regil, Barcelona, Montserrat eta Uharte Arakil eskainitako emanaldiak.

Tolosa, 2019ko urria  Lehendakaria. Miren Arantza Aramendi

BABESLEA